XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eukaristiako anaitasun mahaia ez da lagunarteko edo senitarteko edo beste kristau elkarteko edozein mahairen berdinekoa.

Ohizko bizikeratik liturgi ospakizunera igarotzeko salto bat egin behar da; ohizko giza bizikera eten egiten da, Kristoren graziaren sakramentuzko eta egiazko esperientzia eta bizikizun berri batean sartzeko.

Jantzia ez da, noski, egoera berri edo salto horren ezaugarri bakarra; beste zenbait ezaugarri eta jarrerek ere lagungarri izan behar dute misteriozko giro berri hortan hobeto sartu ahal izateko.

Baina Jantziek ere badute edo izan behar dute hortan bere eragina eta merezi du beraiei ezaugarri mailan duten garrantzia ematea.

Denok dakigu, noski, jantziak besterik gabe ez duela misterio giro hori sortzen: honekin batera, beste zenbait ezaugarri, hitz, jarrera eta abar izango dira, pedagogi bidetik, apaizari berari eta batzu osoari Kristorekin aurkitzearen bizikizunera egokiago sartzen lagunduko dietenak.

Eta hau baita talde txiki edo berezietako ospakizunetan ere: izan ere, talde txiki eta tankera berdinekoak direlako, hain zuzen ere, hauetan beharrezkoago gerta daiteke ageriko zenbait ezaugarri erabiltzea, gogoan izan dezaten ez direla bere baitan itxitako talde edo egiten ari diren ospakizunaren jabe, baizik eta egiten dutenak Eliza osoaren batasunean hartzen duela bere zentzua eta indarra; eta buru egiten duen apaiz hori ez dela horretan ari beraien lagun edo adiskide delako, elkarte osoaren eta Elizaren zerbitzari delako baizik.

Horregatik, holakoetan ere, liturgi jantziak lagundu dezake batzarkide edo adiskide soil den apaizaren gainetik eta bere ezaugarri berezitasunaren bidez egiaz Buru den Kristo eta Honen misterioa ikusten.

Hau bait da, funtsean, liturgi ospakizunaren helburu nagusia.

Apaiza liturgi jantzi berezirik gabe dela ospaturiko Meza baliozkoa da; hau da, baliotasunaren aldetik bestelakoa bezalakoxea.

Baina ez da bidezko baliotasun hutsean gelditzea.

Eukaristiaren ospakizunak (beste edozein liturgi ekintzarenak bezala) badu garrantzia duen beste zenbait alderdi eta hauetako bat, bere neurrian, jantziei dagokiena da.

Liturgi jantziek ekintza santuaren beraren edergarri ere izan behar dute.

Fede bizitzaren barruan zentzu eta eragin berezia duen une nagusi bat da liturgi ekintza.

Festa eta elkarte giroa ere berezko dituen ospakizuna.